Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dute, azaroaren 8an, Markina-Xemeinen. UEU Udako Euskal Unibertsitateak, ZirHika mugimenduak eta Badihardugu euskara elkarteak antolatu dute elkarlanean, eta saretzea izango du helburu nagusi. Hau da, hitanoa1 biziberritzeko lanean ari diren eragile eta taldeek elkar ezagutzea, indarrak batzeko eta elkarlanerako bideak sor ditzaten. Egun osoko topaketan, Euskal Herrian hitanoa bultzatzeko egitasmoak eta esperientziak ezagutaraziko dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta lan mahaien bitartez. Hain zuzen, helburu horrekin egin zen, duela bi urte Oñatin, I. Hika Topaketa. Hitzordu2 hartan jaio zen ZirHika mugimendua, hango eta hemengo taldeak eta eragileak batuta. Oraingoan, tokian tokiko3 egoerak ezagutzeaz gain, aurrera begira egin daitezkeenak ere jorratuko4 dituzte. Topaketa amaitzeko, bertso saio irekia izango dute. Izena UEUren webgunean (https://www.ueu.eus) eman daiteke.
1. Hitano: hika mintzatzeko modu.
2. Hitzordu: bilkura, topaketa.
3. Tokian tokiko: leku bakoitzeko.
4. Jorratu: aztertu, landu.

 
															 
      
      
    