Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta, 1.500 lagun inguruk manifestazioa egin zuten Baionan apirilaren 6an, Justizia euskararentzat lelopean. Leloak berak dioen moduan, euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatu zuten, baita euskarak bizi duen zapalkuntzari aurre egiteko deia egin ere. Horrez gain, Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHEko ekintzaileei babesa eta elkartasuna azaltzeko balio izan zuen mobilizazioak. Izan ere, apirilaren 11n, biak epaitu zituzten iragan abenduaren 3an egindako desobedientzia ekintza batengatik. Orduko hartan, Baionako epaitegiko teilatura igo, eta Justizia euskararentzat leloa idatzi zuten epaitegiko horma batean. Apirilaren 11ko epaiketan, isunak jarri zizkieten (1.000 euro Torreri eta 500 euro Gurrutxagari). Epaia jaso aurretik, auzi gelatik kanporatu zituzten, erdaraz deklaratzeari uko egin ziotelako.