Aurten ere osatu dute Sarako leizeetan Xortaz Xorta egitaraua, hitzaldiak, bisita gidatuak eta ikus-entzunezko jarduerak antolatuta. Otsailean abiatu zen, baina oraindik bada zertaz gozatu. Esaterako, ekainaren 6an, Diego Garate historiaurreko artean aditua Euskal Herriko azken labar arteaz mintzatuko da. Uztailaren 25ean, Saguzarraren Nazioarteko Gaua dela eta, behaketa gidatua egongo da. Abuztuaren 21ean, Imanol Amestoy CPIE Euskal Itsasbazterreko adituak Sarako leizeen inguruko parajeen irakurketa eginen du, gaur egun ezezagunak diren aberastasun natural eta arkeologikoak azalduz. Irailaren 5ean, bidaia musikal eta bisuala proposatuko dute: irudien eta kantuen bidez, XVI. eta XVII. mendeetako euskal marinelen Ternuarako bidaiak oroituko dituzte. Bukatzeko, urriaren 4an eta 5ean, jai giroa eta kontzertuak nagusituko dira asteburu osoan.