Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Sailak, EVENAk, mahats1 zuri barietate berri bat topatu du: Musa. Jatorriagatik izendatu dute horrela. Izan ere, Arellano herrian agertu da, Musen Hiribildua2 izeneko erromatarren garaiko aztarnategitik hurbil. Hiribildu hartan, ardoa egiten zuten I. mendean. 2008an hasi ziren barietate hau aztertzen, Arellanoko Patxi de Goñi mahastizainak eskatuta: Cabernet Sauvignon barietateko mahats beltzez osatutako mahasti3 batean, mahats zuriko mahatsondo4 bat azaldu zen. Azterketa ugari egin zizkioten, besteak beste genetikoak, eta barietate ezezaguna zela ondorioztatu zuten. Félix Cibriáin teknikariak eta Izaskun Oria EVENAko esperimentazio upategiko enologoak azaldu dutenez, barietate berria “genomikoki, morfologikoki eta ekoizpenari dagokionez bakarra eta berezia” da. Ardogintzaren sektorean interesa piztu du Musak, eta landaketa esperimental txikiak egin dituzte lurraldean. Datorren urtean, ofizialki landatu ahal izango da Nafarroan.
1. Mahats: uva (es), raisin (fr).
2. Hiribildu: villa (es), ville (fr).
3. Mahasti: viñedo (es), vigne (fr).
4. Mahatsondo: vid (es), vigne (fr).