Frantzian ardoa baino, garagardoa nahiago
Frantziarrek nahiago dute garagardoa ardoaren aldean. Hori erakusten dute 2025eko kontsumo-datuek: iaz1, lehen aldiz, Frantzian garagardo gehiago edan zuten ardoa baino. OIV Ardoaren Nazioarteko Erakundearen arabera, joan den urtean 22 milioi hektolitro ardo kontsumitu zituzten Frantzian. Garagardoa, berriz2, 22,1 milioi hektolitro edan zuten, Brasseurs de France elkarteak (Frantziako garagardogileen % 98 batzen ditu) jakinarazi duenez. Datuak jasotzen hasi zirenetik, lehen aldiz gertatu da hori. Dena den, herrialdean lehenagotik ari da gutxitzen ardoaren kontsumoa, eta 1957tik mailarik txikiena izan du 2025ean. Garagardoarena, ordea, gero eta handiagoa da. Adituen arabera, hainbat arrazoik azaltzen dituzte joera3 horiek: gero eta edari alkoholdun gutxiago kontsumitzen dira; garagardoak ardoak baino alkohol gutxiago du, eta errazago edaten da jende artean; eta, gainera, merkeagoa da. Joerak joera, Frantzian kontsumitzen da, oraindik ere, ardo gehien Europan.
1. Iaz: joan den urtean, aurreko urtean.
2. Berriz: en cambio (es), en revanche (fr).
3. Joera: tendencia (es), tendance (fr).

