Obelixek ez du armekin loturarik izango

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak erabaki du Obelix izena ezin izango dela erabili suzko armak1, munizioa eta lehergaiak saltzeko marka gisa. Poloniako enpresari batek armak saltzeko erabili nahi zuen, baina auzitegiak ez dio utzi. Auzia2 2022an hasi zen. Orduan, Poloniako enpresariak Obelix marka erregistratu zuen, Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoaren (EUIPO) baimenaz. Asterix eta Obelix komiki ezagunen editoreak, Éditions Albert René enpresak, erabaki horren aurkako helegitea3 aurkeztu zuen. EUIPOk, ordea, ez zuen helegitea onartu. Horregatik, editoreek Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrera jo zuten, eta auzitegiak arrazoia eman die orain. Epaileek esan dute, besteak beste, EUIPOk ez zuela behar bezala aztertu jatorrizko4 Obelix pertsonaiaren fama. Beraz, Obelix izena kontu atseginekin lotzen jarraituko dugu: galiar gerlari5 indartsu eta jatorrarekin, hain zuzen.
1. Suzko arma: arma de fuego (es), arme à feu (fr).
2. Auzi: litigio (es), litige (fr).
3. Helegite: errekurtso.
4. Jatorrizko: original.
5. Gerlari: guerrero, -a (es), guerrier, -ère (fr).
