Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea sortu dute, Bigarren Mundu Gerran deportazioa sufritu zuten euskal herritarrak oroitzeko. Aurten bete dira 80 urte nazien kontzentrazio esparruak askatu zituztenetik. Horren harira sortu dute koordinakundea bost elkarte memorialistak eta zenbait ikerlarik: Amical de Mauthausen, Errenteriako La Ilusion elkartea, Hradischko 1945 Flossenburg lantaldea, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea eta Nikolas Gerendiain Irungo elkartea. Anton Gandarias Lekuona da koordinakundeko lehendakaria. Aurkezpenean azaldu zutenez, Bigarren Mundu Gerran deportatutako euskal herritarren errealitatea “alboratuta” geratu da. Errealitate hori ahanzturatik ateratzeko eta deportazioa sufritu zutenentzako “egia, justizia eta erreparazioa” eskatuko du koordinakundeak. Orain arteko datuen arabera, Bigarren Mundu Gerran 253 euskal herritar deportatu zituzten, eta horietatik 113 hil egin ziren.