Londresko (Erresuma Batua) Notting Hill auzoa oso ezaguna da. Pastel kolorez margotutako etxez josia1 dago, eta horrek turista saldoak2 erakartzen ditu. Besteak beste, Notting Hill filmak (Roger Michell, 1999) izandako arrakastaren eraginez. Bada, auzotarrak nazkatu dira hainbeste turista eta influencer jasateaz. Diotenez, turistek eguneroko bizimodua aztoratzen diete: zarata sortu, zabor ugari utzi... Gainera, leihoetatik barrura begira ibiltzen omen dira, bizilagunen intimitatea inbadituz. Ondorioz, zenbait auzotarrek beren etxea beltzez margotzea erabaki dute. Auzoari postal itxura ematen dioten kolorerik gabe, turistak uxatzea espero dute; izan ere, dirudienez, beltza ez da hain ongi geratzen sare sozialetan. Beste auzoko batzuek bestelako neurriak ere hartu dituzte, etxeko atariko eskaileretan kateak jartzea, adibidez, turistak eser ez daitezen. Oraingoz, auzotar batzuek hartu dituzte neurriak, baina kanpaina zabaldu nahi dute. Lortuko al dute? Ikustera joan beharko, turista onen moduan.
1. Josi: bete.
2. Saldo: talde handi, talde jendetsu.