1971. eta 2001. urteen artean, batez besteko1 tenperatura 1,1 gradu igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken urteetan, gainera, azkarrago: 2014tik 2023ra arteko tartea 1971 eta 2001 artekoa baino 1,1 gradu beroagoa izan zen, eta 1991 eta 2020 artekoa baino 0,6 gradu beroagoa. Halako datuak eta beste2 jaso ditu Klimaren egoera Euskadin izeneko azterketak. Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietate publikoak eta Euskalmet meteorologia agentziak egin dute, 1970etik 2023ra arteko datuak kontuan hartuta. Klimaren berotzea erakusten duten datu gehiago ageri dira txostenean. Adibidez, 1950etik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratutako urterik beroenak, 2024ko datuen faltan, 2022 eta 2023 izan zirela. Itsas mailari buruzkoak ere badira. Esate baterako3, 20 zentimetro egin duela gora azken bi mendeetan Bizkaiko Golkoan, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta. Aurreikuspenak ere ez dira falta: 2100. urterako, 51 eta 100 zentimetro artean egin omen dezake gora itsasoak.
1. Batez besteko: medio, -a (es), moyenne (fr).
2. Eta beste: eta beste batzuk, eta beste hainbat.
3. Esate baterako: adibidez, kasurako.