EHUk eta Aranzadik Unamunoren heriotza argitzeko lantaldean parte hartuko dute

Salamancako Unibertsitateak (Espainia) diziplinarteko ikerketa abiatuko du Miguel Unamuno (Bilbo, 1864 – Salamanca, 1936) idazle eta filosofoaren heriotza argitzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere parte hartuko du, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Unamunoren heriotzak beti eragin izan du zalantza: naturala ala hilketa? 1936ko abenduaren 31n hil zen Salamancan, bere etxean, Bartolome Aragon falangistaren bisita jaso ondoren. Espainiako Gerra betean1, Salamanca faxisten esku zegoenean, Unamuno etxean atxilotuta2 zuten. Frankisten mehatxuak jaso zituen, eta, bestalde3, ez zuen osasun arazorik. Hil ostean, falangistek haren gorpua4 bereganatu zuten, eta horrek hil zutelako susmoak5 areagotu izan ditu. EHUren lantaldean 11 adituk parte hartuko dute, besteak beste6 Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedradunak eta Lourdes Herrasti antropologo forentseak. Unamuno itzal handiko7 idazle eta pentsalaria izan zen, eta euskararen aurkako adierazpenengatik8 ere ezaguna da.
1. Betean: en pleno, -a (es), en pleine (fr).
2. Etxean atxilotuta: bajo arresto domiciliario (es), en résidence surveillée (fr).
3. Bestalde: por otra parte (es), d'autre part (fr).
4. Gorpu: cadáver (es), cadavre (fr).
5. Susmo: sospecha (es), suspicion (fr).
6. Besteak beste: entre otros, -as (es), entre autres (fr).
7. Itzal handiko: prestigio handiko.
8. Adierazpen: declaración (es), déclaration (fr).
