'Sirenoak' agur esango dio Algortako Portu Zaharrari

Getxoko Udalak behin betiko1 kenduko du Sirenoa Algortako Portu Zaharretik. Obra ez berriztatzea erabaki du, zikloaren amaierara heldu dela iritzita. Udalak gogorarazi du instalazioa behin-behinekoa2 izateko sortu zela, Begihandi elkarteak, Getxophoto argazki-jaialdia antolatzen duenak, bere garaian adierazi zuen bezala, beste gauza batzuen artean muntaketa egiteko materialak ere ez zirelako egokiak denbora askoan irauteko3. Eta halaxe gertatu da: egurats⁴ zabalean eta itsasoko uretan egoteak hondatu egin du obra, ia desagertzeraino. Halere, Udalaren ustez, proiektuak bikain bete ditu Begihandiren hasierako asmoak, hala nola5 udalerriko toki esanguratsu6 batean artelan bat ezartzea, haren inguruan emozioak sortzea eta Getxo erakargarria bihurtzea herritarrentzat zein bisitarientzat. Marcos López artista argentinarraren egitasmoa 2010eko abenduan jarri zuten portuan.
1. Behin betiko: definitivamente (es), définitivement (fr).
2. Behin-behineko: provisional (es), provisoire (fr).
3. Iraun: durar (es), durer (fr).
4. Egurats: atmósfera (es), atmosphère (fr).
5. Hala nola: adibidez, esate baterako, kasurako.
6. Esanguratsu: significativo, -a (es), significatif, -ive (fr).
