‘Muga zerga’, 2025eko urteko hitza

Euskaltzaindiak eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroak muga zerga hautatu dute 2025eko urteko hitz. AEBetako presidente Donald Trumpek iaz iragarritako muga zergek oihartzun1 handia izan dute hedabideetan, eta, horrenbestez2, terminoaren erabilera nabarmen handitu da azken urtean. Hiztegi arauemailean3, muga zerga eta aduana zerga jasota ditu Euskaltzaindiak, biak esanahi berarekin: atzerriko4 produktuei aduanan ezartzen zaien zerga. Kontzeptua ez da berria; hala ere, 2025ean hizpide5 nagusietakoa izan da AEBetako Gobernuak hartutako erabakien ondorioz, eta soka luzea ekarri6 du. Gainera, Euskaltzaindiak eta UZEIk nabarmendu dutenez, euskal komunikabideetan muga zerga hitza askoz ere gehiago erabili da aduana zerga baino. Horregatik aukeratu dute 2025eko hitz. Era berean, idazkerari7 buruzko oharra egin dute: bi izenez osatutako hitz elkarteak marratxoz zein8 marratxorik gabe idatz daitezke.
1. Oihartzun: repercusión (es), répercussion (fr).
2. Horrenbestez: beraz, hortaz, ondorioz.
3. Arauemaile: normativo, -a (es), normatif, -ive (fr).
4. Atzerri: extranjero (es), étranger (fr).
5. Hizpide: tema de conversación (es), thème de conversation (fr).
6. Soka luzea ekarri: ondorioak izan edo zeresan handia eman.
7. Idazkera: idazteko era, idazteko modu.
8. Zein: bai... bai..., hala... nola..., edo.
