Elkarrizketa aspergarrienek ere badute beren alde ona

Aspergarritzat ditugun solasaldiak uste baino atseginagoak izan daitezke, baita onuragarriak1 ere. Hori ondorioztatu dute Michiganeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek, Journal of Personality and Social Psychology aldizkarian argitaratutako lan batean. 1800 pertsonarekin egindako esperimentuak izan dituzte oinarri: aspergarritzat jotako zenbait hizketagairekin2 zenbat gozatuko zuten aurreikusteko esan zieten. Ondoren, gai horiekin benetako elkarrizketak eduki, eta, azkenik, zenbat disfrutatu zuten adierazi zuten. Erantzunen arabera, uste baino hobeto pasatu zuten gehienek. Ikertzaileen ustez, interakzioa da gakoa. Hizpidea aspergarria bada, elkarrizketa ere hala izango dela pentsatu ohi da, baina ez du zertan horrela izan: jendeari entzuteak, jendeak guri entzuteak... horrek jendearen arteko loturak indartzen ditu eta lotura sozial horiek, era berean, buru- eta gorputz-osasunari modu positiboan eragiten diote. Adibidez, bakardade-arriskua gutxituta.
1. Onuragarri: on egiten duena.
2. Hizketagai: hizpide, hitz egiteko gai, mintzagai.
