Gizakiek bazekiten sua egiten duela 400.000 urte

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, orain dela 400.000 urte sua egiten zuten gizakiek. Britainiar Museoak gidatutako ikerketan, Barnhamen (Ingalaterrako ekialdean) topatutako arrasto1 batzuk aztertu dituzte: erretako sedimentuak, pirita zatiak eta suarekin apurtutako silexezko aizkorak. Tresna horiek sua egiteko baliatzen ziren. Pirita silexezko tresnekin kolpatuz txinpartak2 sor daitezke, eta sua egiteko erabili. Barnham inguruan pirita ez da batere arrunta, beraz, ikertzaileek uste dute berariaz3 eraman zituztela hara, sua egiteko. Aurkitutako aztarnei egindako beste zenbait probak ere sua egiteko erabili zituztela erakusten dute: sedimentuak 700 gradutik gora berotu zituztela, adibidez. Gizakiak sua nahita sortzen zuela iradokitzen duten ebidentzia zaharrenak, orain artean, duela 50.000 urtekoak ziren. Frantzian aurkitu zituzten, neandertalen aztarnategi batean. Ingalaterran topatutakoak ere neandertalenak zirela uste dute ikertzaileek.
1. Arrasto: vestigio (es), vestige (fr).
2. Txinparta: chispa (es), étincelle (fr).
3. Berariaz: nahita, apropos, propio.
