Munduan, herrialde gutxi daude eltxorik1 gabe. Horietako bat Islandia da. Geografikoki oso isolatua dagoenez eta klima hotza duenez, ez dute moskitorik izan. Orain arte, behintzat. Izan ere, urrian, hiru eltxo aurkitu zituzten Kjós herrian, Islandiako hegoaldean. Björn Hjaltason intsektuzaleak topatu zituen, eta horren berri Facebookeko Intsektuak Islandian izeneko orrian eman zuen. Aurkitutako hiru eltxoak Islandiako Historia Naturaleko museoan utzi zituen, aztertzeko. Han egiaztatu2 zuten eltxoak zirela, Culiseta annulata espeziekoak, zehazki. Hotza oso ongi jasaten duen espeziea denez, adituek uste dute Islandiara egokituko dela. Hau da, bertan geratzeko iritsi dela. Gainera, klimaren berotzeak hori erraztuko duela uste dute. Lehenago ere topatu izan dituzte eltxoak Islandian, uhartean lur hartu izan duten hegazkinen fuselajeetan. Oraingoan, ordea, itsasontzi bateko edukiontzietan iritsi direla susmatzen3 dute.
1. Eltxo: moskito.
2. Egiaztatu: constatar (es), constater (fr).
3. Susmatu: sospechar (es), suspecter (fr).

 
															 
      
      
    