Euskañola bixi-bixi Euskaltzaindian

Sei hilero1 egiten duen moduan, Euskaltzaindiak bere online hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) eguneratu2 du. Oraingoan, 603 forma berri gehitu ditu, eta 2.359 berrikusi, horien artean 1.057 adiera3 berri. Gainera, 3.630 adibide berri jaso ditu. Azken sei hilabeteetan, batez ere irakaskuntzarekin lotutako edukiak landu dituzte. Horregatik dira alor horretakoak gehitutako hainbat hitz: antonomasia, kultismo, trinomio... Testuliburuetako edo irakaskuntza-arloko formak ez ezik, bestelakoak4 ere gehitu dituzte. Adibidez, lagunartekoak (euskañol, bostekoa eman...), adierazkorrak5 (bixi-bixi6, sekula halakorik...), ohiko konbinazioak (gezurretan harrapatu, su artifizial...) eta gaur egun maiz7 erabiltzen diren terminoak (aztarna digital, elikagai-banku...). Eguneraketaren ondoren, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 53.142 forma ditu guztira, 72.035 adiera eta 122.209 adibide.
1. Sei hilero: cada seis meses (es), tous les six mois (fr).
2. Eguneratu: actualizar (es), actualiser (fr).
3. Adiera: acepción (es), acception (fr).
4. Bestelako: de otro tipo (es), d'autre sorte (fr).
5. Adierazkor: expresivo, -a (es), expressif, -ive (fr).
6. Bixi-bixi: oso bizi, bizitasun handiz.
7. Maiz: askotan, sarritan.
