Maiatzarekin batera hasiko dira ikastolen aldeko jaiak. Lehen hitzordua hilaren 11n izango da: ohi bezala, Senpereko aintzirak hartuko du Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia. Elgarrekin lelopean egingo da aurten. Hasiera batean, Senpereko Kattalin Elizalde kolegioaren handitze lanak ordaintzeko baliatuko zuten, baina iaz Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastolak su hartu zuenez, horri laguntzeko ere izango da. Maiatzaren 25ean, berriz, Bizkaiko ikastolen aldeko festa izango da: Ibilaldia. Aurten, Galdakaon egingo dute, Eguzkibegi ikastolak antolatuta. Magaletik herrire, euskara erdire leloa izango du. Bigarren aldiz antolatuko du Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak Ibilaldia, 2009an ere egin baitzuen. Aurtengoa 47. edizioa izango da, eta hainbat helburu izango ditu. Besteak beste, Eguzkibegi ikastolako eremuak eraldatzeko dirua biltzea.