Aitzakiak gutxitzen

Euskara ikasteko laguntza berriak iragarri dituzte Hego Euskal Herriko erakundeek. Batetik, Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua jarriko du martxan datorren ikasturtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hutsetik1 hasiko den ikasle batek, adibidez, 120 ordaindu eta lau urteko epea izango du bere erritmoan ikasteko. Finean, ikasleentzat merkeagoa, eta ikasteko malgutasun eta erraztasun handiagoa. Bestalde, Nafarroan, Euskarabideak A1 eta A2 mailak %100ean finantzatuko ditu hurrengo ikasturtetik aurrera. Helduen euskalduntzearen sektoreak begi onez hartu ditu laguntza horiek, urrats esanguratsua direlako euskara dohainik ikasi ahal izateko. Dena den, AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok Berria egunkarian adierazi bezala, “urrats gehiago nahi ditugu, C1 mailara arteko ikasprozesu osoa doakoa eta irisgarria izan dadin ahalik eta azkarren. Bidea hau da, lehen urratsa egin dute; jarrai dezatela norabide honetan”. Beraz, ez galdu denbora: EAEn edo Nafarroan laguntzak baliatzeko eta horiei buruzko xehetasun2 guztiak ezagutzeko, segi berehala euskaltegira!
1. Hutsetik: zerotik, ezerezetik.
2. Xehetasun: detalle (es), détail (fr).
